Mikel Iturbe (e)k Peio J. Monteano Sorbet(r)en Vasconia en los siglos oscuros: De la caída de Roma al reino de Pamplona (409 – 905) liburuaren kritika egin du
Argi-printza batzuk bost mendetako tunelean
5 izar
Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko 2026ko batzar nagusian, besteak beste, Arabako Arkeologia Museoa bisitatu genuen (bisita oso gomendagarria, bide batez). Bisitan, wikilariren batek (zoritxarrez ez naiz gogoratzen nor izan zen) aipatu zuen liburua interesgarria zela Errekaleorreko millarriari (eu.wikipedia.org/wiki/Errekaleorreko_miliarria) begira geundela.
Izenburua apuntatu, herriko liburutegian liburua hartu eta irakurri dut, baita erraz irakurri ere. Doktore-tesi baten inguruan eginiko lanaren gainean eraikitako lan dibulgatzailea da. Hala, oso era zuzenean dago idatzia eta laburra izanik, azkar irakurtzen da, baina jarraitzen du lan zientifiko batetik espero daitekeen seriotasuna (eta erreferentzia bibliografiko zerrenda) izaten. Gauza asko ikasi baditut ere, azpimarratzekoa da Astorgatik Bordelerako galtzada erromatarrak izandako rol zentrala lurraldea ardazterako orduan (hortik millarriaren inguruko aipua), baita azken urteotako aurkikuntza arkeologikoek errelatoa gorpuzterako orduan izan duten pisua.
Beraz, jasotako gomendioari jarraiki, nik ere gomendatu nahi diot liburu hau gai honetan interes minimo bat izan dezakeen edonori.